Abdullah Öcalan - il manifesto & Gara


Kurdistan iraultza berri baten atarian ote dago?

Abdullah Öcalan

Prozesutik erretiratzen naizela jakinarazteko gutuna

Auzi kurdua ulertzeko guztiz ezinbestekoa da testuinguru historikoa begiratzea. Etengabeko tragediak erakusten du auzi historiko honek ez daukala konponbide errazik. Turkiar nazionalismoa estatu doktrina bihurtu zenean genozidio nabarmen baten biktima izan ziren armeniar eta asiriar herriak. Kurduak berriz, nortasuna ukatzen zien genozidio maltzur baten menpe geratu ziren. Hizkuntza debekatu zieten, herri eta lekuen izenak “turkiartu” egin ziren, estatu terrorea eta umiliazioa egunerokotasunaren zati bihurtu ziren – hori guztia iragan hurbilenera arte.

Kurduak kanporatu egin zituzten, jabego eta ondasunak kendu zizkieten, pobreziara kondenatu zituzten, herriak surtan txikitu zizkieten. Emakumeak politika sexisten jomuga izan ziren, umeak sistematikoki asimilatu zituzten. Kurdu herriari etorkizuna ostu zioten. Gure matxinada genozidio ekonomiko, politiko eta kultural horren aurka bideratu da. Gure haustura historikoak gure herriaren tragedia amaitzea baino ez du helburu.

Hogeita hamar urteko borrokaren ondoren, kurduon askatasunaren eta nortasunaren aldeko grina atzera bueltarik gabeko puntura iritsi da. Erresistentzia demokratikoaren kulturari eutsiz, bere ahotsa itzuli diegu pertsonei.

Gure hautua ez zen ez gerrari ekitea ez hari eustea. Argi mintzo dira gure suetenak. Hainbat ildo politikotako gobernuei bakerako deiak egin badizkiegu ere, estatuaren erantzun soila beti izan da gu deusezten saiatzea, edo errendiziora behartzea. Hamaika urte baino gehiagoko nire espetxealdi honetan ere ahalegin guztiak egin ditut, bake iraunkorra lortzeko. Bake estrategikoa eta politika demokratikoa ikuspegi nazional bihurtu dira kurduentzat.

Gure bake ahaleginek ez dute erantzunik oraindik. Aitzitik, elkarrizketa ez ofizialetan itzulinguruka baino ez dira ibili. Urtebetean 1.500 politikari kurdu baino gehiago atxilotu dituzte. Ez dute zirrikiturik txikiena utzi bakezko ekarpen politikorako. Beraz, ez dut herri kurduaren egonarria luzatuko. 2010eko maiatzaren 31n prozesutik erretiratuko naiz. Ordutik aurrera gauzak nola doazen, bakerantz edo gerrarantz, aurrerantzean KCKren (Kurdistango Konferentzia Demokratikoa) buruzagitzaren erabakiaren arabera izango da. 2010eko maiatzaren 31tik aurrera ez naiz gertatzen denaren erantzule izango. Hala ere, gobernuak benetako interesa baleuka gatazkaren konponbide iraunkor eta baketsuan, bere esanetara nago, hori bada bi aldeek nahi dutena.

Guk ez daukagu borroka etnikorik. Areago, iraultza kurdua Ekialde Hurbileko bihotza da. Iraultza honek eragingo dituen aldaketak Frantziako edo Errusiako Iraultza ahalbidetu zituztenen parekoak izango dira. Baina horiek ez bezala, iraultza kurdua nazionalismorik gabekoa izango da. Nik iradokitako konponbide eredua autonomia demokratikoaren ereduan oinarritzen da. Aurreikusitako konponbidearen arabera, barne arazoak ez dira mugetatik kanpo konponduko. Bestalde, agintean diren botereen hegemonia unibertsala ukatzen dugu, baina hargatik ez gara haiekiko gatazkan hasiko. Posible da norberaren izaera eta norberaren printzipioak bermatzea, inperio deituriko hegemonia globalak irentsi gabe. Autonomia demokratikoan oinarrituta, arazo hau konpontzeak, eragin positiboa izango du Ekialde Hurbil osoan. Iraultza honetan ez da odol askorik isuriko, ahalik biktima gutxienekin bake bidez jarri nahi baitugu indarrean konponbidea.


→ Azala